Urteen poderioz eta abian jarri diren erreforma sakonei esker, Europar Batasuna gero eta gehiago hurbiltzen ari da Schumango Adierazpenak 1950ean Europaren integrazioa bultzatu zuen anbizio federalera.
Euskal Herriko Federalisten Elkarteak Europako Federalisten Batasunaren (UEF) iritzi bera du, Europako mugimendu federalistekin batera parte hartu baikenuen: Europar Batasunak, hasieratik, izaera federaleko urratsak eman ditu. Anbizio federala itun berrietan garatu eta indartu da, baina zeregina ez da amaitu.
Europaren integrazioa garatuz joan da estatu kide berriak sartu direlako eta Tratatuetan eskumen berriak esleitu zaizkielako Europako erakundeei.
Baina gobernantzako barne-sistema hobetu behar du, Tratatuan politika berriak eta aldaketak abian jarrita, Kontseiluaren erabakiak hartzerakoan aho batez hartu beharreko arau konfederala ezabatzeko. Izan ere, Kontseilua geldiarazten ari da atzerri- eta segurtasun-politika, zerga-politika, gizarte-politika eta immigrazio-, asilo- eta muga-politikak bezalako gai garrantzitsuetan.
Beste behin ere, Batasunak bere norabide federala mantentzea eta azkartzea da bidea: autogobernuaren (self-rule) eta gobernu komunaren (shared rule) arteko konbinazio egokia eta lankidetza-mekanismoen garrantzi erabakigarria. Batasun politikoak aurrera egin ahal izateko, estatu sendo eta kohesionatuek demokrazia, gizarte-elkartasuna eta bakea defendatzeko Europako idealekin bat egin behar dute.