Sistema federalen gauzarik garrantzitsuena aniztasuna errespetatzea eta gobernu partekatua izatea da. Gaztelaniaren hiztegiak honako hau dio: “Estatu federala hainbat lurralde-unitatek osatzen dute, eta unitate horiek guztiek autonomia politikoa eta gobernu-erakunde komunak dituzte. Horien antolamendua, eskumenak eta gobernuen arteko harremanak Konstituzio batek arautzen ditu, ordenamendu juridiko osoaren arau gorena den aldetik”.
Baina federalismoa ez da soilik boterearen lurralde-antolaketarako eredu instituzional bat -federazioa-, baizik eta adostasunezko eta itunezko oinarria duen sistema politiko bat.
Euskadiko Federalistetan – UEF Euskadi federalistak gara, planteamendu federala bat datorrelako gure askatasun-, berdintasun-, justizia-, elkartasun- eta anaitasun-printzipioekin. Egungo mundua gero eta interdependentzia handiagoek eta subiranotasun partekatuek definitzen dutelako, eta uste dugulako identitate desberdinek ez dutela justifikatzen pertsonen arteko hesiak eta mugak eraikitzea.
Bizikidetzako arazoak elkarrizketaren, negoziazioaren eta itunaren bidez konpon daitezke eta konpondu behar dira, eta kultura federala elkarrizketa, negoziazioa eta ituna da. XXI. mendeko erronka handiek, hala nola desberdintasunak, klima-aldaketak edo nazioarteko finantza-ezegonkortasunak, gure mundu globalizatuak berezkoak dituenak, irtenbide partekatuak eta koordinatuak behar dituzte. Federalismoak erabakiak maila egokienean eta ahalik eta deszentralizazio handienarekin hartzeko aukera ematen du, eta horrek kontuak demokratikoki ematea errazten du.